Nor gara?
Herritar talde bat. De Cyne Reyna tabernako kideak erretiroa hartzera zihoazela jakin genuenean, pentsatzen hasi ginen nola egin genezakeen herriarentzat hain garrantzitsua izan den tabernak aurrera jarrai zezan. Hainbat pertsona elkartu eta taberna gure gain hartu genuen. Baina ez edonola: kolektiboki egin behar zela erabaki genuen. Izan duen harrera onak animatuta, Pekin izeneko elkartea sortzen ari gara, Reyna berria babesteko, baita antzeko proiektu gehiagori bide egiteko ere.
Pekin izena Orereta/Errenteriako fabrika ezagunetik dator, gure herriaren memoriari egindako keinua da, beraz. Gehiago ere bai: gure herriaren etorkizuna gure eskuetan hartzeko deia ere bada, elkarlanetik eta auzolanetik, tokiko ekonomia, herri ostalaritza eta kultura sustatzeko ekimenen aldeko egitasmoa da hau.
Zer nahi dugu?
Herriko ostalaritzan eragin, balore hauetan oinarrituta: herriko tabernak eta establezimenduak modu kolektiboan kudeatzea, beraien dinamika herriaren onurarako izan dadin.
Gure proiektuetan, ezinbestekoak izango dira lan baldintza duinak, produktu eta zerbitzu zaindua, herritik pentsatutako eskaintzak, herriko gainontzeko dinamiketan parte hartzea, zerbitzu euskalduna ematea (ezin denean euskalduntzeko bitarteko guztiak eskaintzea) eta eskumena beti herriko ekimen kolektiboarena izatea.
Nola egin nahi dugu?
Herritarrek egindako ekarpenetatik proiektu lehiakorrak eta baloreetan oinarrituak sortuko ditugu. Proiektu bideragarriak izango dira ekonomikoki, profesionalki kudeatuak eta errentagarriak. Baina, etekinak proiektu berriak egiteko erabiliko dira, edo, edozein kasutan, gure herriko dinamiketan inbertituko dira, onura soziala ziurtatuz. Horregatik, abian dugun Reyna berria egitasmoaren eta sor daitezkeen ekimen berrietarako kapitala Pekin Elkarteak jarriko du.
Zergatik Elkarte bat?
Irabazi asmorik gabeko elkarte batek aukera ematen duelako baloreetan oinarritutako jabetza eredu kolektibo bat martxan jartzeko. Pekin Elkarteak bermatuko du bere printzipioetan oinarritutako proiektuak soilik aterako dituela aurrera. Gainera, parte hartu nahi duten herritarrei irekitako espazioa sortzen da: ekarpenak egiteko, ideia berrietarako, babes sozial eta kolektiboa handitzeko, edozein gorabeheraren aurrean sendotasuna izateko.
Pekin Elkarteak 2026ko Abenduaren 16an egingo du bere Sortze Batzarra. Bitartean, talde eragilea buru-belarri jardungo da parte hartzeko interesa duten herrikide bila.
Zein dira elkarteko kide izateko aukerak?
Bi aukera daude: bazkide sortzaile izatea edo bazkide soila izatea. Bazkide sortzaileek 1.000 € jarriko dituzte, irailaren 15a baino lehen.
Bazkideek 100 € jarriko dituzte abenduaren 16ko elkartearen Sortze Batzar Orokorra baino lehen. Batzarrean bertan ere egin daiteke ekarpena.
2027tik aurrera, urtean 50 €ko kuota ordainduko du bazkide bakoitzak, izan bazkide sortzaile edo bazkide soil.
bazkide guztiek bestelako borondatezko diru edo denbora ekarpenak egin ditzakete, beti ere bakoitzaren ahalmenaren arabera.
Nola funtzionatuko dugu?
Pekin Elkarteak urtero egingo du bere Batzar Orokorra, baina izango ditu eguneroko lanak kudeatuko dituzten taldeak ere.
Horiek izango dira: Reynaren kudeaketa taldea. Kultur programazio taldea (hasiera batean, Reyna abiapuntu hartuta). Bazkidetza eta finantza taldea. Proiektu berrien taldea.
Reyna berria tabernaren kudeaketa talde profesional baten eskuetan egongo da, eta Pekin Elkarteak jarraipena egingo dio, espero dituen emaitzak bilatuz.
Etorkizunean, zer?
Proiektu berriak jarriko ditugu abian, gure helburu eta baloreekin bat datozenak. Asmoa, sortzen diren aukerak baliatzea da. Gure ekarpena zabala, anitza, eta kolore askotakoa izango da. Baina, beti herrikoa, kolektiboa, eta aipatutako printzipioetan oinarritua.